«Aukerak nahi gabe iristen dira askotan»

Hirugarren denboraldiari ekin dio Nievek Sky taldean, eta «etxean bezala» sentitzen da. Ezeri uko egin gabe, talde lan zintzoan murgilduko da berriz ere.

Argazkia: JAVIER LIZÓN / EFE

2016-03-05 / Unai Zubeldia

«Arazorik gabea» izan da Mikel Nieve Skyko txirrindulariaren (Leitza, Nafarroa, 1984) denboraldi-aurrea. «Baina gaixoaldi txiki bat izan dut Andaluziatik bueltan». Eguraldi txarra dela eta, Gares aldera joan-etorrian dabil azken asteotan, «entrenamendu onak egiteko». Eta bihartik aurrera Paris-Nizan bete-betean egotea espero du. Iaz Giroan lehiatuta, Tourra dauka begiz jota.
Parean jarritako guztia irabazi zenuten Valentzian, eta 10. postu ona lortu zenuen Andaluzian. Indarrean hasi zara…

Nahiko ondo hasi naiz, bai. Valentzian larrixeago ibili nintzen, baina gorputza fintzeko balio izan zidan, eta oso ondo bukatu nuen Andaluziako Itzulia. Gaixoaldiak pixka bat atzeratu egin dit prestaketa, baina ondo nago.

Hirugarren denboraldia duzu jada Skyn. Nabari duzu ez zarela hasierako txirrindulari urduri eta ezezagun hura?

Bai, bai. Hiru urteotan konfiantza areagotu egin da, noski, eta dena ezagunagoa da taldean. Etxean bezala sentitzen dut neure burua.

Xabi Zandio, David Lopez, Mikel Landa, Beñat Intxausti… Eskertuko da inguruko jendea gertu edukitzea, ezta?

Zalantzarik gabe. Ingurukoekin konfiantza handiagoa izaten da beti, eta eskertzen da, bai.

Egutegian aldaketa batzuk egin dituzue aurten.

Hala da, bai. Valentzia eta Andaluzia eginda, Paris-Niza, Kataluniako Volta, Erromandiako Itzulia eta Dauphine dauzkat Frantziako Tourraren aurretik.

Zuk baztertu duzu Euskal Herriko Itzulia, edo taldearen erabakia izan da?

Elkarrekin hizketan aritu ondoren hartu dugu erabakia. Apirilean asko sufritzen dut alergia kontuekin, eta harri berean estropezu eginez ibili naiz azken urteotan. Aurten, pixkanaka ikusiko dugu zer moduz nagoen.

Euskal Herriko Itzuliko ibilbidea aproposa zen zuretzat, eta pena pixka bat emango dizu, ezta?

Bai… Beti ematen du pena etxeko lasterketan ez lehiatzeak; aurtengo ibilbidea oso gogorra da, gainera. Baina osasuna lehenetsi behar da beti. Alergiekin ibiliz gero, hobe da etxean geratzea eta gorputza ez behartzea.

Talde lanerako puntako taldekidea zara. Alor hori indartzen saiatuko da Sky, edo zure aukerei ere heldu nahi diezu aurten?

Denok begiratzen diogu geure buruari, baina, prestaketa ona eginez gero, aukerak nahigabe iristen dira askotan; bat gaixo dagoela, norbera hobeto dagoela…

Bi besoak altxatzea obsesio bihurtu zaizu, edo gozatzen jarraitzen duzu talde lanean?

Irabazteko irabazlea izan behar da, eta oso zaila da hori; are zailagoa World Tourrean. Oraingoz, oso gustura nago hemen.

Andaluzian nahiko erlojupeko ona egin zenuen: 55. postuan, Van Garderenengandik 1.40ra. Bereziki landu duzue alor hori?

Nahiko erlojupeko txukuna egin nuen, bai, eta ari gara tarteka alor hori lantzen. Postura pixka bat hobetzen saiatu gara, baina, denean bezala, saiatzea da gakoa.

Wiggins eta Porte galdu bai, baina Landa, Intxausti, Kwiatkowski, Van Poppel… fitxatu ditu Skyk. Izar galaxia handia.

Bai, bai. Oso-oso txirrindulari onak dauzkagu taldean, eta, lehenengo kontzentrazioan bertan, entrenatzera joan, eta nabaritu zen maila handiko txirrindulariak zeudela tartean. Lasterketetarako konfiantza ematen du horrek, eta irabazteko helburuarekin joango gara proba guztietara.

Ezinegona sortu dute Landa, Intxausti eta Kwiatkowskiren gaixotasunek eta lehiatu ezinak. Zer ari da gertatzen?

Gertatzen? Ezer ez. Kwiatkowskik, esaterako, birus txiki bat eduki zuen Algarveko Itzulia hasi bezperan, baina hitz egitea gustatzen zaio askori. Jendeak gripea harrapatzen duen moduan, gu ere gaixotu egiten gara; ez dauka beste misteriorik. Talde honi alde txarra ikusi nahi izaten diotela ematen du, baina gauzei etortzen diren bezala egin behar zaie aurre.

Mikel Landa Giroan lehiatzeko moduan izango ote den zalantzarik badauka taldeak?

Mikelek berak edukiko du ardurarik handiena, baina gogotik saiatuko da. Iaz erakutsi zuen neguan sufritu ondoren maila izugarria emateko gai izan zela, eta pixkanaka etorriko da bere onera. Eta Girora iristen ez bada, beste lasterketa batzuk ere egongo dira bere maila emateko. Ez da erotu behar kontu horiekin.

Froomek, hori bai, erakutsi du egurrerako dagoela. Taldeburu askok irabaziz ekin diote denboraldiari.

Azken urteotako joera dela uste dut. Taldeek hala eskatzen diete; eta, azken batean, taldeburuak direlako kobratzen dute hainbeste. Txirrindularitzarentzat polita da proba guztietan izarrak garaipenerako lehian ibiltzea.

Paris-Niza dator orain. Geraint Thomasekin lehiatuko zarete?

Bai… Geraint Thomasek iaz oso maila ona eman zuen Paris-Nizan, eta Algarveko Itzulia irabaztetik dator aurten. Talde polita daramagu zeresana emateko.

Contador, Porte, Dumoulin, Ion Izagirre… Estua izango da sailkapen nagusirako lehia…

Azken urteotan, Tirreno-Adriatikora joan izan dira taldeburu gehienak, baina, aurten, gogortu egin dute Paris-Niza, eta proba horren alde egin dute askok. Ikusleentzat ederra izango da.

Ibilbideari dagokionez, ezagutzen duzu La Madone d’Utelle lehen mailako igoera, azken-aurreko etapakoa?

Ez, ez. Lehenengo aldiz igoko dugula uste dut. Baina ibilbide guztia da normalean baino gogorragoa, oso gorabeheratsua. Oso azkar ibiliko gara, eta min egingo dute azken etapek.

Iturria: Berria

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *