Deitu lasai berriz ere

Mikel Nievek garaipen ikusgarria eskuratu du Italiako Giroko hamahirugarren etapan, ihesean, Mikel Landak etxerako bidea hartu eta hiru egun eskasera Mikel Nieve, bi besoak zabalduta, atzo, Cividale del Friuliko helmugan; 113 kilometro falta zirela mugitu zen tropelean, eta bakarrik helmugaratu zen.

Mikel Nieve, bi besoak zabalduta, atzo, Cividale del Friuliko helmugan; 113 kilometro falta zirela mugitu zen tropelean, eta bakarrik helmugaratu zen.
Mikel Nieve, bi besoak zabalduta, atzo, Cividale del Friuliko helmugan; 113 kilometro falta zirela mugitu zen tropelean, eta bakarrik helmugaratu zen. L. ZENNARO / EFE

2016-05-21 / Unai Zubeldia

Frantziako Tourreko prestaketa buruan zuela, edukiko zuen asmoren bat hurrengo ostegunerako, maiatzaren 26rako. Denboraldi betean, txirrindulariek nekez ematen diote sari gozorik barruari, baina hartuko zuen tarte txikiren bat 32. urtebetetze eguna ospatzeko. «Mikel, egin maleta. Girora joan behar duzu». Artean Sergio Luis Henaoren (Sky) auzia argitu ezinik, azken unean leitzarra Giroko bederatzikoan sartzea erabaki zuen Skyk. Eta esanekoa da oso nafarra. Hitz bat bestea baino ozenago esan gabe, hilaren 6an, prestaketa zehatzik egin gabe joan zen Herbehereetara, hirugarren asterako puntu-puntuan egongo zen itxaropenarekin.

Baina hamahirugarren etaparako erakustaldi handia eman du Nievek. Mikel Landarekin Giroa irabaztea zen Skyren helburu argia, eta, Sergio Luis Henao bidean geldituta, mendiko etapetan murgiarrari azken bultzada ematea zen, izatez, Nieveren egitekoa. Baina joan den asteartean joan zen hankaz gora britainiarren egitura guztia. Atseden egunaren biharamunean, Skyko medikuen hitzetan «gastroenteritisak jota», taldekideen erritmoari segitu ezinik gelditu zen Landa. Han zen Nieve bera ere, David Lopezekin batera. Eta zortzigarren etapan ere leitzarraren gurpilari segika ezkutatu zuen Landak Alpe di Potiko ezina. Skyk hirugarren asterako gorde nahi zuen nafarra, baina berezko ikaragarria dauka.

Horregatik erabaki zuen atzo, helmugara iristeko 113 kilometro falta zirela eta ordurako aurretik 30 txirrindulariko talde handi bat osatuta zegoela, tropel nagusitik aurrera egitea. Lampre egurrean zihoan ihesaldian, Diego Ulissiren ondoan hiru taldekide sartuta, eta min egiteko intentzioa zeukaten Carlos Betancurrek (Movistar), Damiano Cunegok (Vini Fantini), Sebastian Henaok (Sky), Matteo Montagutik (Ag2r) eta beste hainbatek. Baina Giovanni Viscontiri (Movistar), Darwin Atapumari (BMC) eta Joseph Lloyd Dombrowskiri (Cannondale) segika lortu zuen Nievek aurrekoekin bat egitea.

Errepideak egin zuen gainerakoa. Stefan Deniflen (IAM) bakarreko saiakera onaren ondoren, Lamprek eta Cannondalek lau minutura urrundu zuten tropela —Etixxek hartu zuen ardura atzean—. Eta Cima Porzus lehen mailako mendatean gora bizitu zuen gero erritmoa leitzarrak. Ito artean iraun zuen Domwroskik, baina nafarra bakar-bakarrik gelditu zen 34 kilometroren faltan. Igoera ona egin zuen Cima Porzusen, Domwroski eta Visconti 27 segundora urrunduta; are hobea izan zen jaitsiera, aldea 42 segundora igota; Valle bigarren mailako mendatean 1.05ekoa zen aldea… Eta gozatzeko aukera izan zuen azkenean. «Handia zara gero @NieveMikel!! Eskerrikasko!!»: Landak berak berehala zoriondu zuen sare sozialetan.

Iturria: Berria.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *